Kode deontologikoa

Ikus-entzunezko lanak hedatzea funtsezkoa da kultur aniztasuna zaintzeko eta garatzeko. Batzuetan, ezinbestekoa da ikus-entzunezko lan batzuen itzulpen eta egokitzapenak egitea. Kasu horietan, itzultzaileen eta produktu baten itzulpena enkargatzen duten enpresen arteko errespetua eta elkarrekiko konfiantza da kalitatezko lanaren bermerik onena.

Horregatik, ATRAEko kideek (Espainiako Ikus-entzunezko Itzulpen eta Egokitzapenerako Elkartea) kode deontologiko hau errespetatzeko konpromisoa hartzen dute:

  1. Itzultzaileak itzultzen ari den hizkuntzaren (sorburu-hizkuntza) ezagutza sakona frogatu behar du, baita lanaren jatorrizko herrialdeko kulturarena ere.
  2. Sakon menderatuko du itzulpenerako baliatuko duen hizkuntza (xede-hizkuntza), izango baitu ama-hizkuntza edo horren maila berean menderatzen duen beste bat, eta halaber xede-kulturaren ezagutza sakona izango du. Bestela, xede-hizkuntzako hiztun batekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartuko du.
  3. Dokumentazio-teknikak menderatuko ditu eta horiek erabiltzeko konpromisoa hartuko du, itzulpen eta egokitzapen zehatzak bermatzeko.
  4. Ahal den neurrian, azken produktuaren kalitatean eragina izan dezaketen baldintzetan lan egitea saihestuko du; esate baterako, obra bat atzerriko hizkuntza baten itzulpenetik abiatuta itzultzea ( zubi-hizkuntza) edo postedizioa egitea. Azken batean, beste aukerarik ez badago edo erabakia kanpoko faktoreen araberakoa bada, itzultzaileak ziurtatuko du bezeroa praktika mota horren mugen jakinaren gainean dagoela.
  5. Bere lanbidean egoki jarduteko, dagozkion bitartekoak eta baldintzak eskatuko ditu, hala nola kalitatezko ikus-entzunezko materiala, gidoi osoa edo lana entregatzeko behar besteko epea.
  6. Itzulpena edo egokitzapena pertsonalki egiteko konpromisoa hartuko du, eta nahi izanez gero sina dezake bere egile-eskubide moral utziezin eta besterenezina baliatuz (Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluaren III. kapitulua, 1. atala, eta kontsulta daiteke hemen).
  7. Itzultzaileak bere lanak deklara ditzake egile-eskubideak kudeatzeko erakunde batean, eskubide horiek errespetatuak izan daitezen. Ez du beretzat aldarrikatuko egin ez duen itzulpen edo egokitzapenik edo beste pertsona baten lanean oso inspiratua dagoenik, ezta haren itzulpen-egokitzapenaren meritua bereganatuko ere, izan publikoki edo pribatuki.
  8. Ez die kalterik egingo lanbideari, oro har, eta hirugarrenei bereziki, hala nola lankideei edo bezeroei, kode honetako jarraibideekin bateraezinak diren lan-baldintzak onartuz edo beste kide batzuk horiek onartzera behartuz.
  9. Ahal dela ez du azpikontratatuko egin ezin duen proiekturik eta, arrazoi bereziengatik edo prestakuntza-helburuengatik (behar bezala egiaztatutako eta ahal izanez gero ordaindutako praktiketako ikasleekin lankidetza) obraren azpikontratazioa saihestezina bada, aldez aurretik jakinaraziko dio bezeroari eta ez du bere izenarekin sinatuko berari ez dagokion obrarik.
  10. Ez die abusuzko baldintzarik ezarriko bere balizko praktiketako ikasleei edo kolaboratzaileei (berak nahiz enpresa batek azpikontratatuak), eta hor sartzen dira, besteak beste, baina ez soilik, epeak, lan-bolumena, konfidentzialtasun-kontratuak luzatzen diren denbora, edota haiek egindako itzulpenen kredituak bereganatzea.
  11. Lanbidean jarduteko indarrean dagoen legedia betetzeko konpromisoa hartuko du, zergak eta tasak ordaintzea barne, baita jabetza intelektualari dagokiona ere. Kode deontologikoa bete ezean, ATRAEk dagozkion neurriak hartzeko eskubidea izango du.

 

ATRAEk eskerrak ematen dizkio ATAAri dekalogo hau prestatzerakoan egindako ekarpen eta borondateagatik.